Pic d'Estaragne eta Pic Campbieil Lac de Cap de Long(e)tik abiatuta
Parking Lac de Cap de Long(e)tik abiatzen den ibilbide zirkularra, eta toki hauetatik pasatzen dena: - Pic d'Estaragne (6.2 km) - Pic Campbieil (7.6 km) Kotxea Lac de Cap de Longeko aparkalekuan utzita, hasieran kilometro bat egin beharko dugu errepidean behera Estaragneko bailara hasierara. Kotxea Estaragne bailara hasieran utzi ezkero, amaieran egin beharko dugu kilometro hau errepidetik. Igoerak ez du zailtasun berezirik, eta normalean Estaragne gailurreraino irits daiteke eskiak jantzita. Ekialdeko aurpegia izanik, eguzkiak goizetik jotzen dio eta elurra oso azkar biguntzen da. Behin Estaragneko gailurrean, Campbieil aldera jaitsi beharko dira 80 metro inguru. Elur kantitatearen arabera baloratuko dugu oinez jaitsi, edo larruak kendu eta eskiatzen jaitsi. Ondoren, Campbieileko azken pala igoko dugu, eta hemen ere normalean gailurreraino iritsiko gara eskiak jantzita. Behin gailurrean, larruak kendu eta pala eder, erraz eta erosoetatik jaitsiko gara Lac de Cap de Longeraino. Lakura iritsitakoan, ibilbidearen zati deserosoena geratuko zaigu. Eskiak kendu eta oinez laku guztia zeharkatu beharko dugu ertzetik. Pixka bat astuna egiten da, ez dagoelako bide argirik eta tarteka elur eta harrietatik ibili beharko dugulako, baina hala ere merezi du ibilbide zirkularra egitea. Udaberrian egiteko ibilbidea, Lac de Cap de Longera doan errepidea irekitzen dutenean.